Diskoetxeetan maketarik entzuten ez ditugula uste duenik badago. Zenbaitetan, guk geuk ideia hau aipatu izan dugu berau ezeztatzeko. Esku artean duzuen hau, ALTXATUren lehen Cda, honen guztiaren adibide ezin hobea da. Beti bezala, era berezi batean iritsi zitzaigun Cda eta, behin ikusita Javiero „Vendetta“ honen guztiaren atzean zegoela, jakin-minak harrapatu gintuen.Behin entzun genuen, eta berriz, eta berriz, eta berriz… GORrekoen artean diskoa elkarri pasatu genion, eta guztioi gauza bera gertatzen zitzaigun… guztiok txoratzen gintuen diskoak. Taldearen inguruan interneten zerbait bilatzen hasi ginenean, La Polla Records-en “Y ahora qué” abestiaren bertsio bat aurkitu genuen. Eta hori bihotzera iritsi zitzaigun. ALTXATU Ibaik, Julenek eta Ikerrek osatzen duten hirukote gazte-gaztea da. Irunberrin (Nafarroa) bizi dira.Pasa den urtean eman zioten hasiera taldeari eta jada arreta deitu dute egiten duten musika heldu eta aldi berean freskoarengatik. Taldearen influentziek, klasikoak esan dezagun, haien abestiei The Clash edota Hertzainaken lehen diskoko nolabaiteko kutsua ematen diete. Hau oso hurbilekoa eta familiarteakoa iruditu zitzaigun. Baina, beste edozer baino lehen, freskoak, zintzoak eta melodia onekoak iruditzu zitzaizkigun. Gaur egun punk-oi musikaren adar guztiak jorratzen dituzten hamaika talde dago. Baina ALTXATUk konbentzitu gintuen. Hauxe baita adibiderik onena gaur egun gure geografia osoko etxeabe-garaje-lonjetan lanean, entseatzen eta orduak sartzen dabiltzan talde andanaren artean. Beraien lehen CD honetatik bi abesti azpimarratzen ditugu: “Musika zainetan” (lehen bideo-klipa, Aitor Remónen eskutik) eta “Amesteko garaia”. Bestetik, “Galdezka ari zara” The Specials taldearen “You´re wondering now” abestiaren bertsioa, “Irunberri-Lumbier” herriko abestiaren bertsioa eta Joe Strummerren testuaren gaineko “The future is unwritten” kantak ere aipatzekoak dira.